6.- Bando bakoitzaren barne politika

Errepublikaren zonan

1936ko hauteskundeen ondorioz konstituzionalki Espainia ofiziala zen. Hala ere, ofiziala izan arren oso ahula izan zen, autoritate falta handia azaldu zuten orduko gobernuek egoera kudeatzerakoan; desordena, erradikalenen buruzagitza eta liderazgoa…nagusi izan ziren. Berez, gerra batzuentzat aitzaiki bilakatu zen langileen iraultza egiteko, eta horren aurrean gobernuak bere burua gaindituta ikusi zuen. Botere politikoa hasieran Alderdi Sozialistaren esku izan bazen ere, gero komunisten eta anarkisten eskutara pasa zen.  Azken hauek, gainera, frakzio ezberdinetan zatitu ziren, barruko banaketa areagotuz.

Egoera politiko eta belikoa zailtzen zen neurrian antiklerikalismoak ere gora egin zuen. Egoera honetan salbuespena Euskal Alderdi Jeltzalea izan zen, Errepublikaren alde egin arren beti katolikoa azaldu zelako. Errepublikak hainbeste nahi zuen autonomia estatutuaren aukera eskaintzen zion, eta katolizismoa berezko idearioaren parte zen.

Errepublikaren zoritxarrerako, kanpo laguntza eskasa izan zen nazionalek jasotakoarekin konparatuta. Baja ugariago izan zituen, baliabide eskasagoak… Edozein kasutan, kontraesana dirudien arren, bando honetan ez ziren animoak falta, eta gerran sutsu jarraitzeko propaganada ugari egon zen, baita batzuk -erradikalenek- lortu nahi zuten “iraultza popularra” lortzeko ere.

Hezkuntza Publikoaren ministeritzak hezkuntza hedatzeko lan handia egin zuen, beti ere politikoki Errepublikaren aldeko mezuarekin:

Ia 5.500 eskola berri egin zen(Generalitat-ek ere, bere aldetik, 2.100 eraiki zituen).

Lehen Hezkuntzako Ikasketa Plangintza onartu zen; batxilergoak zuen izaera elitista desagertarazi nahi izan zuten eta langileentzat bereziki egokitutako modalitatea landu zuten.

Unibertsitatea, aldiz, apenas egon zen irekita, baina alderdi politiko, sindikatu eta bestelako erakundeek kultura zabaltzeko ekimena azaldu zuten. Bereziki aipagarria da gobernuak bultzatutako Milicias de Cultura izeneko iniziatiba; bolondresekin osatutako erakunde haiek  soldaduak alfabetatzeko eta politikoki hezitzeko antolatu zituzten.

Orokorrean, Espainiako intelektual gehienek Errepublikaren aldeko jarrera hartu zuten: Antonio Machado, León Felipe, Gil Albert, Miguel Hernández, María Zambrano, Rafael Alberti eta Federico García Lorca (gerraren hasieran Granadan fusilatu zuten), besteak beste. Haietariko askok El Mono Azul eta Hora de España aldizkarietan idatzi zuten. 1937an Valentzian Idazle Antifaxisten Nazioarteko II Batzarra antolatu zen, eta bertan atzerrikko hainbat idazlek hartu zuten parte.

Nazionalen zonan.

1936ko urriaren lehenean generalen Batzar batek Franco Generalísimo izendatu zuen. Ez zuen generalak orduan gerora begira zer nolako Estatu era sortu nahi zuen adierazi, baina denborarekin garbi ikusi zen bere nagusitasuna bizirik irauten zuen bitartean mantenduko zela. Edozein kasutan, Generalísimoaren helburu nagusia, lehen hilabete haietan behintzat, ejertzitoan disziplina handia mantenduz gerra irabaztea izan zen.

Espainia nazionala katolikoa zen, Eliza babestu zuen eta Elizaren laguntza izan zuen. Orokorrean, espainiar kleroak hauen alde egin zuen, eta baita Vatikanoak ere.

Frankisten eremuan ordena zirrikiturik gabe mantendu zen: oposizioaren aldekoa izan zitekeen prentsa bertan behera utzi eta zentsura ezarri zen. 1937ko apirilean alderdi politikoak Falange Española y de las JONS zelakoan bildu ziren, eta Manuel Hedillari , José Antonio Primo de Rivera fusilatu ondoren Falangeko buruzagia nagusia zenari, heriotza zigorra ezarri zioten neurri haien aurka azaldu zelako, nahiz eta gero barkatu zioten.

Edozein kasutan, nazionalen zonan egoera materiala ez zen inoiz izan, orokorrean, errepublikarren zonan bezain pobrea. Beharra bai, baina goserik ez. Iparraldeko zonako eremu industrialak  konkistatu ondoren, gainera, egoerak hobera egin zuen.

Frankisten bandoak ideia bat, lehentasun bat garbi izan zuen: Bigarren Errepublikan hezkuntzaren alorrean abian jarritako lan berritzailea bertan behera uztea. Hezkuntza sistemaren elementu edo ezaugarri ideologiko guztiak (testu liburuak, liburutegia…e.a) depuratu egin ziren. Espainia “nazionalean”  inposatutako hezkuntzak bi oinarri izan zituen: eduki katolikoak eta politikoak. Horregatik, hain zuzen, Elizak protagonismo handia izan zuen eduki hauen gararepenena. Hezkuntzak “gizaki berria” eratu behar zuen, Estatu Berriaren oinarri izango zena. Ildo hori jarraituz, 1938ko iraileko legeak batxilergoa berritu zuen.

Espainiaren bando honek, gainera, altxamendu militarraren alde egin zuten hainbat intelektualen laguntza izan zuten: Eugenio d’Ors, Laín Entralgo, Tovar, Ridruejo, Agustín de Foxá, Torrente Ballester eta Maravall, besteak beste. Miguel de Unamuno idazleak, hasieran altxamenduaren alde azaldu zena, Millán Astray generalarekin istilu entzutetsu bat izan ondoren, jarrera aldatu zuen.


Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

 
%d bloggers like this: